Elezaharrak dio[1] Sir
Gawain Cameloteko zaldun hark bost adardun izarraz apaindu zuela bere
erredola arriskuz beteriko munduari aurre egiteko, bost baitira
zentzumenak, bost eskuko atzamarrak, bost Kristoren zauriak, bost Ama
Birjinaren atseginezko misterioak eta bost zaldunen bertuteak, bost:
eskuzabaltasuna, anaitasuna, gardentasuna, adeitasuna eta gupida.
Urriaren 30ean Langraiz Okako Bolem Gazteluko[2]
malda igo genuenean, Menesiar elkarte nekaezin eta saiatua aurkitu
genuen jai giroan, XXI. mendeko zaldunak hezi eta hezi, bost adardun
izar distiratsua euren armarrian jarri berri dutela ospatzen.
Rafael Alonsoren irudia
XXI. mendeko zaldunak egun handia ospatzen
Izan ere, sei urte lanean gogor aritu ostean, Langraizkoa, Pentazitate[3] Ereduan Bikaintasun Maila lortu duen lehenengo ikastetxea[4] da Bureau Veritas Modelo Pentacidad (NTMP-001) Arau Teknikoaren arabera.
Erdi Aroan miresten ziren barneko bost zentzumenak gaurkotuz[5],
Adimena, Gorputza, Emozioak, Identitate Pertsonala eta Esparru Sozialaz
osotu dute euren izar babesgarria. Izar honen distiratan, bost helburu
lortu nahian dabiltza: pertsona osotasunean ikustea eta heztea; ikasleen
egonezin eta arazoak, aukera eta itxaropen bihurtzea; bakoitzak dituen
gaitasunak bilatu eta aurkitzea; arduratsu eta ekintzaile bihurtzea;
gaurko munduan biziaraztea. Bost arma zorrotz ere badituzte:
curriculuma, hirueletasuna, 2.0, adimen anitzak eta banan-banako arreta.
Ongi orniturik ekingo diote bada, zaldunek
amaibako bideari: zalditik jausiz eta altxatuz, zauriak jasoz eta
sendatuz, nortasuna eraikiz, hezkidetuz eta…
… bizitzako alegrantziak ospatuz!
Arabarian argitaratua
[1] Armitage, S. (2007). Sir Gawain and the Green Knight: a new verse translation. New York: W.W. Norton
The Pentangle. (n.d.). Religion Among the Laity. Retrieved November 3, 2012, from sitemaker.umich.edu/religiousobjects/pentangle
[2] Iruña Oka. (2012, October 12). Wikipedia entziklopedia askea. Retrieved November 3, 2012, from eu.wikipedia.org/wiki/Iru%C3%B1a_Oka#XX.mendera_arte
[3] Zer da Pentazitatea?. (n.d.). Pentazitatea. Retrieved November 3, 2012, from https://sites.google.com/site/pentazitatea/home/1-zer-da
[4] Filosofía y Proyectos. Colegio San José Ikastetxea. (n.d.). Colegio San José Ikastetxea-Menesianos Nanclares. Retrieved November 3, 2012, from http://www.menesianosnanclares.com/filosofia-y-proyectos/
[5] Zuhurtasuna, irudimena, fantasia, adimena eta oroimena. Jefferson, B. L. (1968). Chaucer and the Consolation of Philosophy of Boethius. New York: Gordian Press

Comments
Post a Comment